partekatu
• LIBURUTEGIKO EKINTZAK
Liburutegia ekintzaz beterik dator udazkenean
Irakurzaletasuna bultzatzeaz gain, adin-tarte zabal bati erantzun nahi izan zaio eta, horregatik, 3 urtekoengandik hasita 12 urte bitartekoentzako eskaintza antolatu da. Ipuin-saioak egingo dira, baita sormen-tailerrak ere.
Urritik abendura bitartean, hainbat ekintza antolatu dira liburutegian. Antolatutako ekintzak:
- Urriaren 27an, ostiralarekin, 17:00-18:30: “Animaltzen” sormen-tailerra, Zorione Mendezen eskutik. 11-12 urte bitartekoentzat (5. eta 6. mailakoak).
- Azaroaren 7an, asteartearekin, 10:30-12:00: “Gazte Booktuber kedada”. Galtzagorri Elkarteak antolatutako eta EAEko Liburutegi-zerbitzuak babestutako “Booktuberboom_+ Lehiaketaren VII. Edizioa”-ren harira, Oriarte institutuko ikasleak etorriko dira liburutegira. Dena dela, lehiaketara 14-18 urte bitarteko edozein gazte aurkez daiteke. Hona hemen informazio gehiago: https://booktuberboom.wordpress.com/lehiaketa/
- Azaroaren 13tik 16ra: Galtzagorri elkartearen HIZKI HAZKA areto literarioa izango dugu liburutegian. Alfabetoa izango da areto honen protagonista, Intza Alkainen laguntzarekin. Sasoeta eta Landaberri ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek parte hartuko dute.
- Azaroaren 22an, asteazkenarekin, 17:00-17:45: “Berdintasunean irakurketarekin jolastuz” ipuin-saioa Mari Garcia Laderorekin. 6-8 urte bitarteko haurrei zuzendua (1. eta 2. mailakoak).
- Abenduaren 13an, asteazkenarekin, 17:00-18:00: Irakurketa-kluba, Mari Garcia Laderorekin. 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta haien gurasoentzat. Asmoa da gurasoak eta haurrak liburutegira elkarrekin etortzea, Haurrentzako Euskal Literatura abiapuntu harturik, dinamizatzaile prestatu batek zuzendutako irakurketa-saioetan parte hartzeko.
Saio horien helburua bikoitza da. Alde batetik, gozatzeko une bat sortzen da, ipuin, kantu, olerki eta hitz-jolasekin, heldu eta haurrek ondo pasa dezaten. Bestetik, gurasoen prestakuntza bilatzen da. Horretarako, haurrentzako euskal literaturako baliabideak erakusten dira, eta kontatzeko moduak azaltzen. Azken batean, helduak seme-alabekin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi da.
Plazak mugatuak dira. Izena ematea liburutegian.