partekatu
• EUSKARA HITZARMENAK
Udalak hitzarmenak sinatu ditu hiru guraso-elkarteekin eta Ttakunekin
Udalak, Ttakun kultur elkarteak eta hiru ikastetxeek elkarrekin landu dituzte Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak.
Udalaren izenean, Agustin Valdivia alkateak eta Euskarako Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik hitzarmen hauen garrantzia azpimarratu zuten, bai jasotzen dituzten programen eta diru-laguntzen kopuruarengatik, baina, batez ere, hitzartutakoaren bidez eragile guztiek saretuta eta adostasunean lanean aritzeak suposatzen duenagatik.
Hitzarmenaren filosofiak adierazten du Udalak, Ttakun kultur elkarteak eta hiru ikastetxeek elkarrekin landu dituztela Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak. Ez da soilik programa batzuk egiteagatiko diru-laguntza emate soil bat.
Ttakun
Hitzarmen handiena, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria den Mari Karmen Ormazabal andrearekin sinatu zuen alkateak. Hitzartutako programak hauek izan dira: Gazte eta Amaraun kluba, Kuadrillategi, Gurasoleku, Solaskide-solasbide, Kulturgintza euskararen eskutik, Euskaraldia eta Txintxarri aldizkaria.
Guztira Ttakun Kultur Elkarteak 184.365 €-ko diru-laguntza jasoko du. Ttakun Kultur Elkartea arduratuko da programa horien guztien antolaketa osoa prestatzeaz, jasoleei informazioa ezagutarazteaz, behar diren langile guztiak kudeatzeaz, ebaluatzeaz eta diru-kontuak kudeatzeaz. Hitzarmenean jasota dago Ttakun Kultur Elkarteak diru-laguntza justifikatuko duela enpresa eskudun batek auditatuta.
Ikastetxeetako guraso-elkarteak
Bestalde, Alkateak herriko hiru ikastetxeetako Guraso Elkarteeekin ere hitzarmenak sinatu ditu. Ekitaldian izan dira Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteko kidea, Silvia Carballo, Oriarte Institutuko Oriartekide guraso elkarteko idazkaria, Iban Urkizu, eta Landaberri ikastolako guraso elkarteko lehendakaria, Juan Luis Eizmendi.
Diruz lagundutako programen artean daude bai ikastetxe eta Udalaren artean elkarlanean landutako programak (Gu ere bertsotan, GurasoLeku, bertso-eskolak edo Elemeleka moduko programak kasu), bai ikastetxe bakoitzaren beharretatik sortutakoak (Pertsonaia ezagunen bisitak Landaberrin, Arantzako aterpean egonaldia Sasoetan edo Noka ikastaroa Oriarten kasu).
Hiru ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan eta bai dirutan, guztira hiruren artean, 77.704 €ko aurrekontua suposatu dio Udalari.