Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   MEMORIA HISTORIKOA

Orian instalatutako Rosa Luxemburgo Batailoiaren argazkia aurkeztu dute

Islada Ezkutatuak elkarteak, Udalarekin batera, Rosa Luxemburgo Batailoiaren argazkia aurkeztu zuen.

1 / 6
1. argazkia

Lasarte-Oriako Memoria Historikoa Berreskuratzeko Islada Ezkutatuak Elkarteak, Joxean Muguruza buru zuela, Agustin Valdivia alkatearekin eta udalbatzako zenbait kiderekin batera, Oria auzoko Zirkuitu ibilbidean jarri den Rosa Luxemburgo Batailoiaren argazki bat aurkeztu zuten igandean, inguruan dauden auzoaren historiaren beste argazki historiko batzuekin batera.

Argazkiak Lasarte-Oriako miliziano eta gudariak gogoratzen ditu, II. Errepublikako alderdi demokratikoek eta gobernu konstituzionalak egin zuten borrokan parte hartu zutenak 1936ko uztailaren 18an matxinatutako militarren aurka eta abentura odoltsu horretan lagundu zietenen aurka: Mussoliniren faxista italiarrak eta Adolf Hitlerrek bidalitako tropa naziak.

Elkartearen helburuen artean dago Lasarte-Oriako protagonistei zabalkundea ematea eta herritarrek haiek ezagutzea, XX. mendeko historiako gertaera odoltsuenetako batean parte hartu baitzuten: II. Errepublikako gobernu demokratikoaren kontra militarrek egindako altxamendua eta horren ondoriozko borroka militarra. Argazki honekin, Elkarteak eta Udalak aitormena egin nahi diote Lasarte-Oriako herritar horiek II. Errepublikaren, demokraziaren eta herri honen askatasunaren aldeko borrokan izandako konpromiso sozial, politiko eta demokratikoari.

Agustin Valdivia alkateak honako hau adierazi zuen: "historia egin zuen gizon-talde bati ohore egiteko bildu gara. Haietako asko langileak ziren, eta gauetik goizera beren gain hartu behar izan zuten Espainiako 2. Errepublikaren defentsa. Errepublika hark, Rosa Luxemburgok bezala, demokraziaren, askatasunaren, eskubide sozialen eta berdintasunaren balioak defendatzen zituen. Faxismo libertizidak, ordea, Franco diktadorearen aginduetara, eraso egin zion."

Gizon-talde horretako asko Oria auzokoak ziren, eta bere ideiak defendatzeagatik bizia eman zuen euskal batailoi bateko kide izan ziren. Izan ere, batailoiak amaiera tristea izan zuen, gizon horietako asko borrokan edo fusilatuta hil baitziren.

Rosa Luxemburgo eusko gudarosteko batailoi bat zen. Zehazki, 4. zenbakia zuen borroka-ordenan. Eusko Jaurlaritzak hainbat batailoi zituen zenbakituta, eta zenbaki horien arabera parte hartzen zuten borrokan.

Denborak aurrera egin ahala, talka-indar bihurtu ziren. Hau da, edozein larrialdi-egoeratan batailoiak hara joan behar zuen. Frontean hutsunerik baldin bazegoen, batailoi horrek betetzen zuen. Gauezko erasorik baldin bazegoen ere batailoi horrek erantzuten zion, eta abar eta abar. Eliteko batailoia zen.

Argazkian 38 gizon agertzen dira, eta datu bitxi batzuk ikus daitezke:

  • Batailoiaren intsignia, irudian bost gizonengan ikusten dena, bat aurkitu zuten Lemoan.
  • Txano puntazorrotzak oso kotizatuak ziren garai hartan, eta pasatzen ziren herrietako armategietan aurkitzen zituzten.
  • Zibilez jantzitako gizon bat ageri da. Horrek esan nahi izan dezake ospitalean sendatzen ari zela, kuarteleratua zegoela edo bisitan etorria zela.
  • Larruzko jakak ere, irudian hainbat ikusten direnak, oso kotizatuak ziren, lurrean arrastaka ibiltzean harrietatik babesten baitzituzten. Batik bat Ertzaintzak erabiltzen zituen, eta, beraz, Batailoian zeramatenek hil zen norbaitengandik lortuko zuten akaso, edota norbaitek oparituko zion edo Ertzaintzan lagunen izango zuen. Oso kalitate onekoak ziren.

Argazkian, batailoiko beterano batzuk ikus ditzakegu, oroitzapena betikotzeko geratu zirenak. Ziurrenik Portugaleten hartua izango zen, "Etxe merkeak" deiturikoan.

Ekitaldia txistulariek eta Joseba Tapiak bere akordeoiarekin girotu zuten. Argazkia ikusi aurretik, bi dantzarik Agurra dantzatu zuten haien ohoretan.