partekatu
• CIMASUB
Otsailaren 6an hasiko da Lasarte-Oriako XV. CIMASUB zikloa “Orain edo inoiz ez” lelopean
Cimasubeko, Danok Kideko eta Udaleko arduradunek Itsaspeko Zinema Zikloaren XIV. edizioa.aurkeztu zuten. Ziklo honen bidez, itsaspeko bizitzari buruzko 26 film labur eta 4 dokumental ikusi ahalko ditugu.
Itsaspeko Zinema Zikloaren edizio berri hau David Sánchez Cimasubekoak, Jesus Mari Egizabal Danok Kidekoak, Agustín Valdivia Lasarte-Oriako alkateak, Maite Iglesias kulturako zinegotziak eta Juantxi Ugarte teknikariak aurkeztu zuten. Itsaspeko Zinema Ziklo hau 3 egunetan egingo da, otsailaren 6an, 13an eta 20an (astelehenarekin), 19:00etan, Kulturetxeko auditorioan. Egun horietan 30 lanez gozatu ahalko dugu film laburren eta dokumentalen artean, animazioko film laburren bat barne. Aurtengo eslogana: “Orain edo inoiz ez”.
Alkatea oso pozik agertu zen ziklo honek Lasarte-Orian duen presentziarekin; izan ere, aukera bikaina da gure itsaso eta ozeanoetako bizitza ezagutzeko, baita giza ekintzagatik jasaten ari diren degradazioa ere, haiek zaintzeko eta ez zikintzeko beharraz kontzientziatzen baikara. Eskerrak eman zizkion Danok Kideri gure herrian ziklo honen jatorria eta bultzatzaileak izateagatik.
Sanchezek adierazi zuenez, irudiaren sektoreko profesionalei oso interesgarria iruditzen zaie beren lanak lehiaketa honetan aurkeztea, eta horietako asko estreinaldi primizialak dira, aldez aurretik prestatzen dituztenak Donostiako zikloan aurkezteko eta hortik aurrera, nazioarteko beste lehiaketa batzuetara bideratzeko. Edizio honetan 250 lan jaso dira lehiaketarako, 80 herrialde baino gehiagotakoak. Horregatik, harro agertu zen CINEMASUB nazioarteko erreferente bihurtu delako.
Era berean, familia guztiei egin zien joateko gonbita, itsaso eta ozeanoen irudi horiek pantaila handi batean eta kalitate bikaineko irudi eta soinuekin gozatu ahal izateko: planeta osoan zeharreko bidaia.
Kartelak iazko argazki irabazlea jasotzen du: abandonatutako sare “mamu” batean harrapatuta hildako marrazo bat. Asmo-adierazpen bat da, itsas bizitzan noraezean dabiltzan sare horiek eragiten duten kaltea salatzeko. Aurten, gainera, sare “mamuen” eta marrazoen gaiak lantzen dituzten hainbat lan ikusi ahalko dira.
Gizakiaren biziraupenaren etorkizunerako ezinbestekoak zaizkigun pentsaera eta ohitura-aldaketak martxan jartzeko etsipenezko deiadar moduan datorkigu aurtengo leloa, “Orain edo Inoiz ez“. Denbora jadanik gure kontra daukagunean, gure ozeanoen egoera erreala ezagutarazteko helburuarekin eta hondaleak ezkutatzen dituen altxorrak ahaztu gabe, hauek kaltetzen dituzten arazoak azaleratu nahi dira.
Antolatzailea Real Sociedaden Itsaspekoak sekzioa da, eta babeslea Lasarte-Oriako Udala. Ikus-entzunezko lan ezberdinen hedapenean oinarrituta, itsaspeko mundua ezagutarazteko eta itsaso eta ozeano guztien zainketaren kontzientzia zabaltzeko helburua du. CIMASUB Nazioarteko itsaspeko zikloa itsasoko enbaxadoreak diren ikus-entzunezko profesional ezberdinen eta zine-aretoetara gerturatzen diren milaka bisitarien arteko komunikazio-kanala bilakatzen da.
Nobedade gisa, eta lan horiek egiten dituzten pertsonei eta lehiaketarekin duten konpromisoari aitormena eginez, bideoen hasieran egileak saria jasotzen agertzen diren irudiak erakutsiko dira.
Jesus Mari Egizabalek, bestalde, nabarmendu nahi izan zuen dagoeneko 15 edizio dituela lehiaketa honek, eta kasualitatez hasi zela, Paco Pizarrorekin izandako harremanagatik, Danok Kideren giza zientzietako klaseetara joaten baitzen. Urtez urte jende asko joaten dela ikusita, erabakia egokia izan zela esanez amaitu zuen.
Edizio honetan ez da sarrera beharrik izango proiekzioetara joateko, librea izango baita edukiera bete arte.
Itsaspeko zinemaren ziklo honi buruzko informazio guztia www.cimasub.com webgunean kontsulta dezakegu.
Argazki-erakusketa
Aurtengo programazioa otsailaren 6an hasiko da, argazki-erakusketa batekin. Erakusketa kulturetxeko kafetegian ikusi ahalko da otsailaren 24era bitartean, 17:00etatik 21:00etara. Erakusketan mundu osoko itsaspe ezberdinetan bizi diren espezie harrigarri eta erakargarrienak modu bitxietan ikustera garraiatuko gaituzten 24 argazki handiagotu ikusteko aukera izango dugu, naturaren edertasuna eta gizakiaren honekiko bidegabekeria elkarrekin ikusteko aukera emango digutenak.
Mundu osotik aurkeztu diren ia 300 argazkietatik 24 hoberenak erakutsiko ditugu, eta horien artean azpimarratzekoak dira edizio honetako garaileak: Luc Rooman (Belgika), Martin Broen (Estatu Batuak), Tom Shesinger (Israel), Plamena Mileva (Bulgaria), Aldo Gustavo Galante (Argentina), Iñaki Alcalde (Gipuzkoa).
Itsaspeko Txikizikloa eskolentzat
Errespetuzko eta maitasunezko begirada batean hezi daitezen, gure haurrek itsasoa ezagutu eta itsaspeko mundu liluragarri honetaz jabetu behar dute. Helburu horrekin jaio zen Txikizikloa orain dela hamar urte, eta pixkanaka gero eta ikastetxe gehiagotara zabalduz joan da, aurreko edizioan 2.000 ikasleren partaidetzara iritsi arte. Hezkuntza eta hedapena dira gure itsasoak bizirik mantentzeko eta gu guztion etorkizuna bermatzeko tresnarik indartsuenak.
Kulturetxean antolatuko da, goizeko 10etan, otsailaren 6an, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 10 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
Parte hartzen duten ikastetxeei aurretik gelan lantzeko material didaktikoa entregatu zaie, ikus-entzunezko material osagarriarekin eta jarduera eta orientazio metodologikoekin batera.
Ekintza horren bitartez, helburu ezberdinak lortu nahi dira. Alde batetik, ingurumenaren egoeraz jabetzea eta kontsumo osasuntsu eta arduratsuaren eta ingurune hurbilaren errespetuaren eta zaintzaren jarrerak garatzea, haren kudeaketan arduraz parte hartzeko. Bestalde, gure eguneroko bizitzan planetaren ongizatean eragina duten erabakiak hartzeko, ezagutza zientifikoan oinarritutako erabaki pertsonal eta kolektiboak landu nahi dira.