partekatu
• UDALTOP
Udaltopek hamabosgarren edizioan eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera monitorizatzeko erreminta sortuko du
Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa maiatzaren 11n eta 12an izango da. Gaurtik aurrera zabalik dago izena emateko epea eta aurreko edizioan bezala, jardunaldia aurrez aurre edo online jarraitzeko aukera izango da.
Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa, maiatzaren 11n eta 12an egingo da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Aurreko edizioaren segida izango da; iaz, 16 urte bitarteko neska-mutilen eskola orduz kanpoko jardunean hizkuntza politika egokiak antolatzeko jarraibideak eman ziren, batez ere maila teorikoan. Aurten, berriz, kasu praktikoak ekartzeko ahalegina egin da.
Bat, bi, hiru… Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz izenburupean, 16 urte bitarteko neska-mutilen eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera sustatzeko adibide praktikoak ezagutarazteko eta zabaltzeko ahalegina egingo du Udaltopek, horixe izango da hamabosgarren edizioko xede nagusia.
Egitarauak (ikus atxikitako dokumentua) bi ardatz nagusi izango ditu: “euskaraz” eta “euskaratik”. 2022ko topaketa bukatu ondoren argitaratutako gida-lerroan jasotakoarekin koherentzian, “euskaraz” egiten den aisiak hartuko du protagonismoa ostegunean, “hau da, udaletatik eta elkarte eta ikastetxeetatik antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduerak, kirol eta kultur jarduerak, adibidez, euskaraz izateko egiten den ahaleginean jarriko da fokoa”; ostiralean, berriz, “berariaz euskararen erabilera sustatzeko sortutako eskola orduz kanpoko jardueretan jarriko da azpimarra”.
Euskararen presentzia neurtzeko erreminta
Guztira, bost hitzaldi; zazpi praktika on, aurrez aurreko aurkezpenak eta bideo-testigantzak tartekatuz; talde-lana; eta bukaerako kultur emanaldia izango dira. Tartean, zenbait berrikuntza izango direla aurreratu du talde antolatzaileak. Nagusiak, bi: eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera monitorizatzeko baliagarria izango den erreminta sortzeko ariketa; eta, bestetik, talde-lana ostiraletik ostegunera aurreratzea.
“Ariketa interesgarria izango da eta fase ezberdinetan gauzatuko dena”, nabarmendu dute. “Erreferentziazko materiala biltzen -jarraitu dute- eta erreferente direnen iritziak jasotzen ari gara orain; Udaltop baliatuz, talde-lana parte-hartzaileen ekarpenak eta hobekuntza proposamenak jasotzeko baliatuko dugu; ondoren, pilotajea egingo da ezaugarri ezberdinak dituzten udalerrietan. Erreminta uda ondorenerako prest egotea aurreikusten da”.
Bigarren berrikuntza, talde-lana egunez aldatzea izango da. “Lehenengo egunean landuko ditugun gaien osagarri izango da talde-lana, eta koherentzia kronologikoak ohiko eskema aldatzera ekarri gaitu, ostiraletik ostegunera aurreratzea”, azaldu dute. Azkeneko bi edizioetan ez bezala, talde-lanean soilik Kultur Etxean biltzen direnek parte hartuko dute. “Gainontzekoen ekarpenak jasotzeko, formulario bat zabalduko dugu, talde-lana egiten den bitartean bete beharrekoa”.
Izen-ematea, zabalik
Maiatzaren 11n eta 12an egingo den topaketarako izen-ematea zabalik da, dagoeneko, maiatzaren 2ra arte. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da eta iaz bezala, Udaltop aurrez aurre edo online jarraitzeko aukera izango da. Prezioa, berriz, aukeratutako formatuaren araberakoa izango da: aurrez aurre, 65 €, eta, online, 15 €. Lehenengo aukerak osteguneko bazkaria, bi egunetako hamaiketakoa eta Udaltopen materiala barneratzen ditu. Online aukeratzen dutenek jardunaldia jarraitzeko lotura jasoko dute maiatzaren 8an.
Aurtengoan, ahalegin berezia egin nahi da, betiko publikoaz haratagoko jendea erakartzeko. “Euskara teknikariez gain, iruditzen zaigu aurtengo gaiak, eskola orduz kanpoko jarduerak, eragile esparru zabala hartzen duela eta beste arloetako teknikariez gain, kulturakoak, kirolekoak, … kirol klubetako ordezkariak, neska-mutilentzat jarduerak antolatzen dituzten bestelako eragileak gonbidatu nahi ditugu. Helburua ez da makala, eta beharrezkoa da guztien esku-hartzea”.
Azkeneko edizioetan bezala, antolatzaile dira euskararen lurralde guztietako erakundeak: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala.