partekatu
• TREBA GURASOAK
Treba Gurasoak: Gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu
Saio honetan "Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak" gaia landuko da. Hitzaldia, Donna Apellaniz Nietoren eskutik, urtarrilaren 17an izango da 18:00etan, Mercero Gunean. Izena emateko: kultura@lasarte-oria.eus
Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, eta, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tresna arina eta efikaza izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko. Hazieraren eremu hori hain aldakorra izanik, gainera, bizia eta malgua izan nahi du, unean uneko errealitatera eta eskaerara egokitu ahal izateko.
Haurren eta nerabeen guraso guztiek, uneren batean, orientazioa behar dute hezkuntza-prozesuan beren funtzioak behar bezala garatzeko. Hala ere, laguntza edo babes horren helburuak ez du erreparatzaile edo terapeutiko hutsa izan behar; aitzitik, prebentziozkoa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu behar du.
Gurasotasuna gauzatzeko modua nabarmen aldatu da gure gizartean. Beste arlo askotan gertatutakoarekin batera (familia-forma ezberdinak, genero-rolen aldaketa, kultura-aniztasuna...), hemen ere kontzeptu-aldaketa bat egon da. Izan ere, seme-alaben aldetik obedientzia eta diziplina lortzen oinarrituta zegoen guraso-autoritatearen ordez, konplexuagoa den eta lan gehiago eskatzen duen kontzeptu bat gailentzen ari da: gurasotasun arduratsuaren edo gurasoen erantzukizunaren kontzeptua, hain zuzen ere.
Horren arabera, gakoa jada ez da gurasoek seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, aginte hori arduraz erabiltzea baizik; hau da, seme-alaben eskubideak zaindu daitezen erantzukizunez jokatzea, baina gurasoenak kaltetu gabe. Horrek barnean hartzen ditu haurrak eta nerabeak beren sozializazio-prozesuan parte hartzera bultzatzea, beren gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi berean, pixkanaka, beren autonomia eta herritartasun aktiboa sustatzea.
Horiek horrela, gaur egungo aitei eta amei gurasotasun positiboaren ikuspegiak lagundu diezaieke beren seme-alaben heziketako eta hezierako jardunean.
Gakoa ez da gurasoek beren seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, baizik eta aginte hori arretaz betetzea; hau da, arduraz jokatzea seme-alaben eskubideak babesteko, baina gurasoen eskubideak urratu gabe. Horren barruan sartzen da haurrek eta nerabeek sozializazio-prozesuan parte har dezaten bultzatzea, haien gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi berean, haien autonomia pixkanaka sustatzea eta herritartasun aktiboa gauzatzea.
Helburu orokorra:
Hitzaldia: Hitzaldi honen bitatez, zuen seme-alaben emozioak kudeatzeko eta zaintzeko kontuan izan beharrekoa landuko dugu, horrela, familiaren osasun emozionala zaintzeko tresna sinple eta eraginkorrak eskuratuz.
Tailerra: Tailer honetan seme-alaben emozioek egunerokoan duten garrantzia azaldu, eta horiek nola kudeatu eta zaindu landuko da, familian sortzen diren arazo eta gatazketan erabiltzeko tresna emozionalak eskuratuz.
Helburuak:
- Adimen emozionalari buruzko ezagutzak eskuratzea.
- Elkar hobeto ezagutzea, bakoitzak gai honetan dituen baliabideak landuz eta erabiliz.
- Emozioak zer diren jakitea.
- Emozioen funtzioak ezagutzea.
- Emozioak kudeatzen ikastea.
- Emozioen atzean dauden beharrak ezagutzea.
- Gaitasun emozionalak ezagutzea (kontzientzia emozionala, erregulazio emozionala, autonomia emozionala, trebetasun sozioemozionalak, bizitzarako eta ongizaterako trebetasunak) eta horiek garatzen lagunduko duten tresnak eskuratzea.
- Bidelagun emozionalak izateko beharrezkoak diren tresnak ezagutzea.
- Familian adimen emozionala garatzeko baliabideen berri izatea.
- Egoera emozional ezberdinetan moldatzen jakitea.
- Gatazka emozionalak era osasungarri batean konpontzen ikastea.
- Haurrei beren emozioetan laguntzeko tresnak eskuratzea.