Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   ESKUALDEKO GARAPEN AGENTZIA

Beterri Buruntza eskualdean garapen sozio-ekonomikoarekin lotutako zerbitzuak elkarlanean eskainiko dituzte sei udalek

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute toki garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan eskualdean abian dauden programak eta zerbitzuak modu bateratuan eskaintzeko. Hitzarmenak lau urteko indarraldia du. Denbora horretan, garapen agentzia sortzeko urratsak egiteko konpromisoa hartu dute.

1. argazkia

Erronka nagusi bat du Beterri Buruntzako sei udalek sinatu berri duten akordioak: udal bakoitzak toki garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan egun dituen baliabideak hobeto aprobetxatzea eta eskualdeko herritarrei eta enpresei zerbitzu bateratua eta hobea eskaintzea.

Gipuzkoako beste eskualdeetan garapen agentzien bidez kudeatzen dituzte eskualdeari dagozkion arlo sozio-ekonomikoa eta turismoarekin lotutako programak eta zerbitzuak. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek, ordea, ez dute eskualdeko izaera duen egiturarik eta, horren ondorioz, udal bakoitzak haien kaxa egin izan ditu planak eta politikak toki garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan.

Lankidetza hitzarmen honen xedea da hutsune hori betetzea. Modu horretan, arlo sozio-ekonomikoarekin lotutako politikak eta jardunak modu koordinatuan eskainiko zaizkie eskualdeko herritarrei, ekintzaileei eta enpresei. Urrats honek, gainera, erraztuko du etorkizunean garapen agentzia edo eskualdeko izaera duen erakunde bat eratzeko bidea.

Lankidetza-hitzarmen honi esker, sei udalek aipatutako arloetan eskaintzen dituzten zerbitzuak ez dira bikoiztuko. Gainera, egoitzak, lokalak eta eraikinak partekatzeko aukera eta zerbitzuen eta langileen kontratazioa zentralizatzeko aukera, besteak beste, ere eskaintzen du hitzarmen honek. Hartara, baliabide publikoen kudeaketa eragingorragoa izango da.

Besteak beste, tokiko enplegu planak, ekintzaileentzako eta enpresentzako zerbitzuak eta sektoreetako foroak elkarlanean jarriko dituzte abian sei udalek.

Antolakuntzari dagokionez, Batzorde Kudeatzaile bat eratuko da. Ordezkari politikoek osatuko dute eta Udal bakoitzeko udalbatzarrak izendatuko ditu bina ordezkari.

Finantzazioari dagokionez, hitzarmen honetatik sortzen diren planak eta programak sei udalek urtero egingo dituzten ekarpenen bidez finantzatuko dira. Udal bakoitzaren ekarpena Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen duen foru-funtsaren kopuruaren araberakoa izango da.

Beterri-Buruntza eskualdean 2017an toki garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan programak eta proiektuak gauzatzeko eta zerbitzuak eskaintzeko 1.290.976 euroko aurrekontua bideratuko dute sei udalek.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia du, baina sei udalek eskualdeko garapen agentzia edo beste mota bateko erakundea eratzea erabakitzen badute, hitzarmena bertan behera geldituko da eta programak, proiektuak eta zerbitzuak erakunde berri horrek bereganatuko ditu.

Iturria: Lasarte-Oriako Udala