Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   ANIZTASUNA

Estereotipoen kontrako kanpaina

Lasarte-Oriako Udalak eta hainbat herriko eragileek etorkineen gaineko estereotipo faltsuen kontrako kanpaina jarri dute martxan.

Lasarte-Oriako Udalak eta herriko eragileek hainbat urte daramatzate jatorri eta kultura aniztasunaren inguruko lanketa egiten. Hain justu, Lasarte-Oria Gipuzkoako jatorri eta kultura aniztasun handienetakoa duen herria da. Herritarren arteko ezagutza, harremana eta aitortza areagotzeko, 2013. urtean martxan jarri zen Anitzen Sarea: herriko elkarte eta eragile desberdinak biltzen dituen sarea da honakoa.

2016. urtean garatzeko ekintzen artean, jatorri eta kultura aniztasunaren inguruan dauden estereotipoak deseraikitzeko kanpaina bat egiteko beharra identifikatu zen. Alde kualitatibo batetik, herritarren arteko ezagutza areagotzeko espazioak sortzeko beharra azpimarratu zen; horri erantzuteko, herriko elkarte eta komunitate desberdinak ezagutzeko saioak antolatu dira abenduan. Alde kuantitatibo batetik, jatorri eta kultura desberdinen inguruko estereotipoak deseraiki edo zalantzan jarriko dituzten datuak sozializatu beharra azpimarratu zen.

Horri begira, Lasarte-Oriako hainbat eragilerekin elkarlanean sei estereotipo nagusi identifikatu dira jatorri eta kultur aniztasunaren inguruan. Beren inguruko hainbat zifra eta datu kuantitatibo jaso dira, estereotipo horiek zalantzan jartzeko eta beren inguruan hausnartzeko helburuarekin. Besteak beste, honako gaiak jaso dira: etorkinek lana kentzen dute? Gainontzekoek baino laguntza gehiago jasotzen dituzte? Ez dira integratzen?

Lehenengo fase batean, herriko kaleetan zehar jarriko dira datu horietako batzuk, hausnarketa herriratu asmoz. Horren ondoren, eskuorri batean eskuragarri jarriko dira herriko txoko desberdinetan: Lasarte-Oriari buruzko hainbat datu jasoko ditu eskuorri horrek, estereotipo horiei erantzuten dieten datu kuantitatiboak eta informatzen jarraitzeko erreferentziazko gune eta eragileen informazioa, interesa duen edonorentzat.

Estereotipoak jende multzo bati buruz sortzen diren irudiak edo kategorizazioak dira, beren itxura, jarrera edo ohituren arabera. Horrekin, kolektibo horri buruzko iritzi sinplifikatu bat sorrarazten dute, negatiboa izan daitekeena. Horiekin oso lotuta daude zurrumurruak: jendartean ahoz aho zabaltzen diren ideiak, oinarri fidagarririk izan ohi ez dutenak eta mezu sinple eta zuzenetan oinarritzen direnak. Zurrumurruen bidez estereotipoak elikatzen dira.

Bi elementu horiek komunitate anitzen arteko elkarbizitzarako oztopoak sortzen dituzte. Horiei aurre egiteko erronka ez da nolanahikoa, eta denon inplikazioa eskatzen du. Lanketa horretan, estereotipoen kontrako kanpaina txiki honen helburua pauso bat gehiago ematea da.

Hala ere, azpimarratu behar da abiapuntuko ideia bat: etorkinez hitz egitean ezin dira kolektibo bakar gisa hartu, hori bera sinplifikazioa baita. Jatorriak, kulturak eta errealitateak anitzak dira, eta hori bera Lasarte-Oriaren parte den aberastasuna da.

Txostenaren liburuxka

 Iturria: Lasarte-Oriako Udala