partekatu
• MARTXOAREN 8a
Lasarte-Oriak martxoaren 8a ospatuko du programazio zabal, parte-hartzaile eta hezitzailearekin
Alkateak eta Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko zinegotziak Emakumeen Nazioarteko Egunerako antolatutako jarduerak aurkeztu dituzte.
Lasarte-Oriako Udalak martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzeko diseinatutako programazioa aurkeztu du gaur goizean. Prentsaurrekoan, Agustín Valdivia Calvo alkatea eta Lourdes Acevedo BeldarrainGizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko zinegotzia, Izaskun Rodriguez Elkoro, Berdintasun teknikaria eta Maite Iglesias Sanchez, Emakumearen zentroko kordinatzailea agertu dira, eta Udalak berdintasun erreal eta eraginkorrarekin duen konpromisoa berretsi dute.
Agenda, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Garapenerako Lankidetza eta Osasun Sailak beste udal sail batzuekin batera –Kultura Saila, Udal Liburutegiaren bitartez– eta beste udal talde eta kolektibo batzuekin –Euskarazko literatura taldea, Zero Sette, Biyak Bat erretiratuen etxea edo Okendo zinema taldea, besteak beste– sustatua, martxo osoan zehar luzatuko da. Programak publiko guztiei zuzendutako ekitaldi instituzionalak, kultur proposamenak, hezkuntza ekimenak eta sentsibilizazio ekintzak uztartzen ditu, familia eta eskola esparruetan arreta berezia jarriz.
Martxoaren 8ko ekitaldi nagusiak
Igandean, martxoaren 8an, Okendo plaza izango da ekintzaren erdigunea, eta elkarretaratzea egingo dute 12:00etan. Ondoren, 12:30ean, Zero Sette taldeak akordeoi kontzertua eskainiko du Antonio Merceroren erabilera anitzeko aretoan.
Alkateak azpimarratu duenez, “martxoaren 8a ez da soilik data sinboliko bat, baizik eta eskubideetan, erantzunkidetasunean eta justizia sozialean aurrera egiten jarraitzeko deia”. Lourdes Acevedo Beldarrainek, bere aldetik, “txikitatik eta fronte askotatik berdintasuna lantzearen garrantzia” azpimarratu du, “kultura, hezkuntza eta partaidetza komunitarioa batuz”.
Kultura, literatura eta zinema genero ikuspegiarekin
Hona hemen jarduera aipagarrienak:
- Martxoaren 2tik 10era: M-8ko kartel lehiaketaren erakusketa Emakumearen Topagunean.
- Martxoak 10: Sari banaketa eta literatur saioa Kultur Etxean Ane Labaka Mayoz idazlearekin, Irakurle Txokoarekinelkarlanean.
- Martxoak 11: Zineforuma Biyak Bat jubilatuen etxean “Una asunto de género” filmarekin.
- Martxoak 20: “La chica zurda” filmaren proiekzioa eta solasaldia Manuel Lekuona Kultur Etxean, Okendo Zinema Taldearekin batera.
- Martxoak 27: “Legatua” antzezlana, El Telón Negro konpainiaren eskutik, Kultur Etxeko auditorioan.
Berrikuntza pedagogikoa eta hezkidetza
Aurtengo edizioaren oinarrietako bat Itsaspeko Bihotzak literatur aretoa da, hezkidetzan oinarritutako eta Galtzagorri elkarteak diseinatutako ibilbide artistiko-pedagogikoa.
Martxoaren 10etik 16ra, herriko ikastetxeek euskarazko haur literatura saioetan parte hartuko dute, genero berdintasuna lantzeko. Horrez gain, martxoaren 16an 5 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako saioa eskainiko da (aldez aurretik izena eman behar da udal liburutegian). Proposamen hau “berritzailea” dela esan du zinegotziak, “artea eta hausnarketa kritikoa uztartzen dituelako pedagogia feministekiko udal konpromisoa indartzeko”.
Agerraldian, bi arduradunek berretsi dute berdintasuna zeharkako lehentasuna dela beren gobernu-ekintzan. Programa honen helburua ez da jardunaldi zehatz batera mugatzea, jarduera eta ekintza desberdinen bitartez, emakume eta gizonen aukera eta eskubide berdintasuna eta feminismoa aitortu eta aldarrikatzea ere bilatzen du, horrela gure gizarteetan oraindik dagoen diskriminazio egoera eraldatzeko.
Udalak herritar guztiak animatzen ditu ekintzetan parte hartzera eta martxoaren 8ko kontzentrazioarekin bat egitera, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko eta beren eskubideak lortu eta defendatzeko borrokatu diren eta borrokatzen duten munduko emakume guztiei omenaldia egiteko.