partekatu
• BTT LASARTE-ORIA
Lasarte-Oria 2025 BTT Zeharkaldiak ibilbide berritua izango du
BTT Lasarte-Oria 2025 zeharkaldiak kirola, osasuna eta tokiko dinamismoa uztartzen ditu ingurune natural pribilegiatu batean.

Lasarte-Oria Rural Kutxa 2025 BTT Zeharkaldia, apirilaren 13an, igandea egingo den proba, gaur goizean aurkeztu da ofizialki Lasarte-Oriako Udaletxean, Goizalde Pildain Kiroletako zinegotzia, Nuria Fernandez Sozio-Ekonomiako zinegotzia, César Cornago Lasarte-Oriako Rural Kutxaren zuzendaria, Aitor Alzugaray, Transportes Echemar eta Iñigo Blanco Saiatuz Txirrindulari Taldeko ordezkaria bertan izan direlarik.
Goizalde Pildainen hitzaldiarekin hasi da ekitaldia, eta “proba hau tokiko kirol egutegiko ezinbesteko hitzordu gisa finkatu izana” azpimarratu nahi izan du, “antolatzaileen, boluntarioen eta babesleen inplikazioa eta urtez urte parte-hartzaileen portaera eredugarria” eskertuz.
Gainera, azpimarratu duenez, “kirola ez da lehiaketa edo zaletasuna soilik, osasuna, ongizatea eta bizi kalitatea ere bada. Zeharkaldi hau aukera ezin hobea da ingurune naturalaz gozatzeko, ariketa fisikoa egiteko eta komunitatearekin jardunaldi bat partekatzeko”.
Ondoren, Nuria Fernandezek hartu du hitza, eta zeharkaldiak tokiko ekonomian duen eragin positiboa azpimarratu du:
“Ekitaldi hau gure merkataritza, ostalaritza eta enpresa-ehuna ikusarazteko aukera ere bada, eta Lasarte-Oriak kirola, natura eta dinamismo ekonomikoa uztartzen dituzten jardueren eszenatoki gisa duen potentziala erakusten du”.
Iñaki Blanco antolatzaileen ordezkariari eman dio bide zinegotziak, eta hitzorduaren xehetasun tekniko guztiak azaldu ditu, ibilbideetatik aurreikusitako zerbitzuetaraino, dortsalak jasotzetik, ordutegi gakoetatik eta izena eman dutenei emango zaien maillot ofizialetik igaroz.
Aurkezpenari amaiera emateko, César Cornagok hitz egin du, ekitaldiaren babesle nagusia den Rural Kutxaren izenean, eta erakundeak tokiko kirolarekin eta lan komunitarioarekin duen konpromisoa berretsi du:
“Guretzat benetako plazera da gure aletxoa jartzea, Saiatuzen, boluntarioen, Udalaren eta Lasarte-Oriako herri osoaren ahalegin bateratuari esker horrelako proba bat antolatu ahal izateko. Urtero herrian arrasto oso positiboa uzten duen ekitaldia da, eta luzaroan horrela izaten jarraitzea espero dugu. Herri osoa eta inguruko jendea gerturatzera animatzea besterik ez zait geratzen, bai proban parte hartzeko edo besterik gabe, daukagun giroaz eta herri zoragarriaz gozatzeko. Igande honetan ikusiko dugu elkar… eta nahiago nuke datorren urtean ere.”.
Hiru ibilbide eta berrikuntzak trazatuan
Proba Andatza eta Buruntza mendietan barrena egingo da, eta hiru ibilbide eskainiko dira, maila tekniko eta fisiko ezberdinetara egokituak:
- Laburra: 22 km | 553 m-ko desnibela
- Ertaina: 28,5 km | 784 m-ko desnibela
- Luzea: 36,3 km | 1.040 m-ko desnibela
Aurten berrikuntzak izango dira esperientzia teknikoagoa eta dibertigarriagoa bilatzen dutenentzat. Track-ak eskuragarri daude webgunean: www.bttlasarteoria.com (Wikiloc eta PDF formatuan).
Iñaki Blancok azpimarratu duenez, “proba naturagune babestuetan egiten da, eta ekitaldiaren egunean soilik da irisgarria; beraz, funtsezkoa da ingurunea eta mendia partekatzen duten pertsonak errespetuz zaintzea”.
Eta hau gogorarazi nahi izan die proban parte hartzen dutenei:
“Gogorarazi nahi dugu Zeharkaldiaren ibilbidea ez dela trafikoari itxitako zirkuitua. Zati batzuk, batez ere bidegorrian, oinezkoekin eta beste erabiltzaile batzuekin partekatzen dira. Horregatik, parte hartzen duten pertsona guztiei eskatzen diegu kontu handiz ibiltzeko eta bidea erabiltzen dutenekiko zirkulazio eta bizikidetza arauak uneoro errespetatzeko.”
Intereseko datuak
Ordutegiak eta dortsal-bilketa:
- Irteera: 9:00 (Okendo plazaren atzealdean)
- Ibilbide ertainerako sarbidea ixtea: 11:30
- Ibilbide luzerako sarbidea ixtea: 11:45
- Helmugako itxiera: 13:00
Lehen parte-hartzaileen helmugaratzea 11:00ak aldera aurreikusten da.
Dortsal-bilketa
- Apirilaren 12a, larunbata: 10:30–13:30, Urbil merkataritza-guneko Eroskin
- Apirilaren 13a, igandea: 8:00–8:45, Antonio Mercero lokalean (Okendo plaza)
Parte hartzeko, izen-ematearen QR kodea aurkeztu beharko da, eta adingabeen kasuan, gurasoen baimena sinatuta. Dortsalarekin emango den eskumuturra eramatea derrigorrezkoa izango da parte hartzeko eta horniduretaz baliatzeko.
Hornidurak, laguntza eta zerbitzuak
Proban zehar lau hornidura-puntu izango dira (12,5 km, 19 km, 28 km eta helmugan) eta laguntza mekanikoa 12,5. kilometroan, Inguru Bikes-en eskutik.
Helmugan parte-hartzaileek honakoak izango dituzte:
- Patxi Larrañagaren txistorra
- Dorronsoro Okindegiaren ogia
- Amstel garagardoa
- Eroskiren fruta
- Artiach galletak
Horrez gain, bizikletentzako garbiketa-gunea, photocalla, eta Maialen Chourraut kiroldegiko dutxak erabilgarri egongo dira 14:30ak arte.
Maillota, berriz protagonista
Iaz bezala, antolakuntzak parte-hartzaileei Gobik CX Superlight maillot ofiziala egun berean estreinatzeko gonbita luzatu die. Diseinu deigarria eta arintasuna uztartzen dituen jantzi honek ibilaldiaren ikur bihurtu da.
Babes eta lankidetza sare zabala
Ibilaldia posible da hainbat erakunde publiko eta pribaturen laguntzari esker. Rural Kutxa da babesle nagusia, eta honako hauek ere laguntzaile dira: Transportes Echemar, Michelin Fundazioa, Lasarte-Oriako Udala, Eroski, Inguru Bikes eta tokiko hainbat saltoki eta enpresa.
Informazio gehiago eta izen-emateak: www.bttlasarteoria.com
Kirolarekin, naturarekin eta komunitatearekin bat egiteko aukera paregabea. Lasarte-Oriak zain zaituzte!
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala