partekatu
• ZARZUELA
Gaztanbideren "Zarzuela Handia", Sinfonía Navarraren eta Coral Olitenseren eskutik.
Igande honetan, 19:00etan, Gaztanbideren "Zarzuela Handia" kulturetxean.
Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak, Maite Iglesias kulturako zinegotzia eta Juantxi Ugarte kulturako teknikaria lagun zituela, Sinfonía Navarrako Kinito Huertarekin eta Alvaro Iborrarekin batera aurkeztu zuen Gaztanbideren zarzuela handiaren ikuskizuna, igande honetan 19:00etan Kulturetxeko auditorioan izango dena.
Joaquin Gaztanbide, zartzuelaren aitzindari gisa ezaguna, XIX. mendeko konpositore handi bat izan zen, bere karreran zehar 48 zarzuela konposatu zituena.
Igandean gozatu ahalko den ikuskizun honetan, hark konposatu zuen lehen zarzuela ere entzungo da, La mensajera, eta urte haietan Madrilen konposatu zuen bezalaxe entzun ahalko da. Rinaldo Zhok piano-jotzailea arduratu da hasieran beste formazio batzuetarako idatzita zegoen errepertorioa egokitzeaz eta konpontzeaz, eta ganberako orkestrarako eta korurako adaptazioa egin du, garai hartako esentzia errekuperatuz.
Auditorioa osorik beteko duen antzezle-taldeak Sinfonía Navarra ganberako orkestrarekin eta Coral Olitense koruarekin jardungo du, eta haiekin batera ariko dira Raquel Fernández sopranoa eta Jose Luis Sola tenorea. Biak ala biak beren karreren une goren batean dira, eta “une honetan haiekin kontatzea luxu bat da”, zioen Iborrak. Haiek guztiak zuzentzen Javier Echarri López ariko da, Sinfonía Navarrako zuzendaria eta Coral Olitenseko zuzendari titularra dena.
“Gure ustez, hau guztia eszenatokiaren gainean ikustea ikuskizun paregabea, originala eta oso zirraragarria izango da mundu guztiarentzat” esaten zuen Iborrak.
Bestalde, Agustín Valdivia alkateak azpimarratu nahi izan zuen aukera paregabea dela herrian horrelako ikuskizun batez gozatu ahal izatea, eta, horregatik, ikustera joatera animatu zituen herritarrak.
Sarrerak, 14 euroko prezioan, Kulturetxeko leihatilan eros daitezke, edo online https://tickets.kutxabank.es helbidean.