partekatu
• INGURUMENA
Plaka fotovoltaikoak instalatu dira Lasarte-Oriako aforalekuan
Lasarte-Oriako aforalekuko plaka fotovoltaikoek ekoitziko dute kontsumitzen duten energiaren laurden bat.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak plaka fotovoltaikoak instalatu ditu lurraldeko aforalekuetan, foru instalazioen autokontsumoa sustatzeko.
Lasarte-Oriako aforalekuak, plakak instalatu diren estazioak, ekoitziko du kontsumitzen duen energiaren % 25 inguru. Foru erakundeari % 15eko aurrezpen ekonomikoa ekarriko dio energia-fakturan.
José Ignacio Asensio: “Gipuzkoako ibaien kudeaketa-eredua erreferentziazkoa da Euskadi osoan eta Espainia osoan. Aforalekuetako autokontsumoa sustatuta, beste urrats bat egiten dugu Gipuzkoako ibaien kudeaketa jasangarriko ereduan”.
Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensio eta Obra Hidraulikoetako zuzendari Enrique Ramos, Lasarte-Oriako aforalekuan izan ziren ostegunean, Lasarte-Oriako alkate Agustín Valdiviarekin eta Donostiako Bide Publikoetako zinegotzi Miguel Ángel Díez Bustosekin batera.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 6 eguzki-plaka instalatu ditu Lasarte-Oriako aforalekuan. Plaka fotovoltaiko horiei esker, udalerriko aforalekuak energia berriztagarria kontsumitu ahal izango du, eta autokontsumoa sustatu.
Aforaleku horrek, gutxi gorabehera, 12.000 kWh energia kontsumitzen du urtean. Eguzki-plaken instalazioari esker, 2021ean 2.186 kWh ekoitzi ziren, hau da, % 15 baino gehiago aurreztu zen energia-fakturan, eta % 24,22, berriz, autokontsumoan. Datozen urteetarako aurreikusten den ekoizpena 2.578 kWh-koa da.
Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 6.000 euro inguru bideratu ditu plakak instalatzeko. Ekintza hori autokontsumoa sustatzeko Departamentua bere foru instalazioetan egiten ari den jarduketa-sorta baten parte da.
Ekimen hori beste estazio batzuetan ere gauzatu da, zehazki, Alegian, Oiartzunen eta Deban. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, guztira, 25.000 euro inguru bideratu ditu autokontsumoa sustatzeko Gipuzkoako aforalekuen sarean.
Foru diputatuak azpimarratu duenez, “Aforalekuetako autokontsumoa sustatuta, beste urrats bat egiten dugu Gipuzkoako ibaien kudeaketa jasangarriko ereduan”.
Lasarte-Oriako aforalekua Gipuzkoako aforaleku sarearen parte da, zeina 24 laginketa-puntuk osatzen baitute, datu errealak biltzen dituztenek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak, neurketa-sistema horri esker, ibaietako mailen eta emarien analisi xeheak egiten ditu.
Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu zuen, “aforaleku sarea erreferentzia bat da Euskadin eta Espainia osoan”, eta balioa eman zion “ibaiak kudeatzeko Gipuzkoa ereduari, aukera ematen baitu joerak aurreikusteko eta biztanleguneen eta industriaguneen afekzio arriskuak aurreratzeko. Hala, erakunde eskudunek, kasu honetan udalek, neurri egokiak har ditzakete, beharrezkoa izanez gero“.
Asensiok nabarmendu zuen, gainera, “aforalekuetan bildutako informazioak adierazle bikainak ematen dituela klima-aldaketak gure lurraldean eragin dituen inpaktuen bilakaera ikusteko; izan ere, oinarri gisa balio du, joera sistemikoak aztertzeko, ibaietako emariari, ur-goraldiei eta mailari dagokienez“.
Bestalde, Lasarte-Oriako alkate Agustín Valdivia pozik agertu da egindako inbertsioarekin: “Erakundeok gure instalazioen autokontsumoa erakusteko eta sustatzeko betebeharra dugu. Karbono-aztarna murriztea izan behar da ingurumenaren arloan dugun lehentasunetako bat”. Arrisku bereziko udalerri batean Oria ibaiaren emaria kontrolatzeko sare hori oso garrantzitsua dela uste du Valdiviak; izan ere, “gure herrian izan daitezkeen kalteak garaiz aurreikusteko aukera ematen digu, kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen”.