partekatu
• DANTZ-POINT
Dantz Point jaialdia Lasarte-Orian
Agustin Valdivia alkateak, Txus Alonso jaietako zinegotziak eta Jokin Telleria Dantz Pointeko sortzaile eta zuzendariak aurkeztu zuten jaialdiaren 2. edizioa Lasarte-Orian.
Dantz Point musika-plataforma bat da, eta, alderdi esanguratsuena da saioak espazio enblematiko edo historikoetan egitea, kasu batzuetan gutxi ezagutzen direnak.
Kontzeptua musika elektronikoaren eta edozein udalerritako ondare historiko edo artistikoaren dibulgazioa uztartzean datza. Edizio honetan, Hilados Brunet Fabrika, 1845ean sortua, da aukeratutako ondarea.
Fabrikarekin batera, langileentzako etxebizitza-kolonia bat, Karmengo kapera eta jauretxe bat sortu ziren lantegiko jabeentzat.
Fabrikak kotoizko haria ehuntzen zuen, eta presa bati eta Oria ibaiko ur-jauzi bati esker, funtzionatzeko behar zuen energia lortzen zuen.
1992an eraikina eraitsi eta haren ordez parke bat ezarri zen, eta hala, Brunet parkea sortu zen.
Hau izango da denboraldiko lehen Dantz Point. Kulturaren ikuspuntutik, proiektuaren ardatz nagusia musika elektronikoa da. «Batzuetan, jendeak pentsa dezake musika elektronikoa festa eta gaua besterik ez dela, eta publiko berrietara hurbildu nahi da, ondarea elkartuz, jarduerak leku desberdinetara deszentralizatuz», zioen Telleriak.
“Musika elektronikoaren barruan estilo ezberdin asko daude, besteak beste, musika super lasaiak eta musika esperimental dantzagarriagoak, eragin ezberdinekin”, azaltzen zuen Telleriak. Edizio honetan, DJetako bat Giovanni lasarte-oriatarra izango da. Afrohouse, underground eta minimal musikaren eragina du, eta Donostiako eta Gipuzkoako eszena elektronikoan oso aktibo dago.
Almuedo izango da Giovannirekin batera. Donostiako mutil bat da, house-electro estiloa jorratzen duena, eta oso ondo egokitzen da publiko motara eta lekura. Bi DJ-en artean musika-estiloen kalitatea eta aniztasuna lortzen dute.
Jaialdia apirilaren 22an izango da, 19:00etatik 24:00etara, Brunet parkean. Eguraldi txarra izanez gero, hurrengo larunbatean, apirilak 29an egingo litzateke.
Barran kontsumitu ahal izango da, komun publikoak egongo dira eta Txitxardin jatetxeak janaria eskainiko du.
Telleriak zioenez, “gerturatzen direnek esperientzia ezberdina biziko dute, oso soinu onarekin eta udalerri barruan mugitu beharrik izan ez dezaten beharrezkoa den guztiarekin.”