partekatu
• EHUN URTEKOARI OMENALDIA
Fermin Gonzalezek Lasarte-Oriaren omenaldia jaso du ehun urte betetzeagatik
Fermin Gonzalez Arregik familiartekoz eta lagunez inguratuta ospatu zituen bere ehun urteak. Donostiarra jaiotzez, gaur egun Sasoetan bizi da.
Fermin Gonzalez Arregi lasarteoriatarrak familiartekoz eta adiskidez inguratuta ospatu zuen bere 100. urtebetetzea. Halakoetan ohikoa denez, Lasarte-Oriako alkatea, Agustín Valdivia, eta Zerbitzu Sozialetako zinegotzia, Lourdes Acevedo, bere egoitzara joan zitzaizkion, gure herriaren izenean zorionak ematera.
2021ean hildako Mari Carmen Jauregirekin ezkondua, lau seme-alaba ditu: Xabier, Koldo, Iñigo Jon eta Karmele. Gizon gozozale honek familiarekin eta adiskideekin eta Adarragako tarta batekin ospatu zuen bere urtebetetzea.
Donostian jaioa, haurtzaroko lehen urteak Donostian eman zituen, eta handik Pasaiara joan zen bizitzera familiako arrazoiengatik. Ondoren, berriz, Zubietako Oianguren baserrira joan zen.
Garai hartan ohikoa zenez, familiak monjea izango zela erabaki zuen, eta frantziskotarrekin hasi zituen horretarako ikasketak Arantzazuko monasterioan, Oñatin, baina bokazio hori bazterrera uztea erabaki zuen.
Donostiara itzuli zen, Correosen gaur egungo eraikinean zegoen ofizio-eskolan ikastera, eta maisu industrialaren titulua atera zuen. Loiolan soldaduska luzea egin ondoren, Oramil enpresan hasi zen lanean. Baina bere lan-bizitzaren parterik handiena Lasarteko Michelin enpresan egin zuen, 1983an erretiroa hartu zuen arte.