Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   IKASTETXEAK

Eskola-patio inklusiboak, berdintasunerako eta aniztasunarekiko errespeturako espazio berriak

Sasoeta eta Pablo Garaikoetxea ikastetxeek jadanik badituzte patio inklusiboak, 167.482 euroko inbertsio bati esker.

1. argazkia

Lasarte-Oriako alkateak, Agustín Valdiviak, Zerbitzu Publikoetako zinegotziak, David Mateosek, eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak, Nagore Duránek, espazio berri horiek aurkeztu zituzten, jolas-jarduerak ikuspegi inklusibo eta hezkidetzazkotik egiteko diseinatuak.

Udalak egindako inbertsio berri hori bi entitateren arteko lankidetzatik sortua da: udala (% 10 finantzatzen du) eta Eusko Jaurlaritza (% 90 finantzatzen du). Eta 167.482 euroko kostu totala honela desglosatzen da:

  • Sasoeta ikastetxea: 84.458 euro
  • Garaikoetxea ikastetxea: 83.024 euro

Jolastoki inklusiboaren kontzeptuak jolasgaraian jostatzeko tokiak eta uneak sortzeari egiten dio erreferentzia, haietan ikastetxeko neska-mutil guztiek beren intereseko jolas-jarduerak egin ahal izan ditzaten, inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegitik.

Eskolako jolastokien egungo egitura eta diseinua ez da bilakaera pedagogiko horren eskutik joan, kirol jakin batzuetan aritzeko prestatutako espazio asfaltatu bakarra eskaintzera mugatu baita (gehienbat pilotekin edo baloiekin lehiatzeko jokoak). Egoera horren ondorioz, erabilera ez da bidezkoa, generozko kulturen definizioa eta mutilen eta nesken arteko desberdintasunak indartzen dituzten rolak, botere-erlazioak eta jarrerak errepikatzen baititu, eta, aldi berean, ikasle ez-aktiboenak bazterrean uzten baititu.

Ukaezina da eskolako jolastokien moduko lekuek zer garrantzi hartzen duten erlazio sozialak gertatzen diren ingurune fisiko gisa. Pertsonek espazioak eraikitzen dituzte, eta espazioek pertsonak eta haien arteko harremanak eraikitzen dituzte. Haien diseinuak baldintzatu egiten ditu bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko ditugun moduak. Espazioen konfigurazioa ez da neutroa

Ikastetxeko espazio fisikoak hitz ere egiten du, transmititu ere egiten du, irakatsi ere egiten du: harremanak izateko modua, egoteko modua, espazioen banaketa, bai eta jokoaren kontrola eta azpiegiturak ere. Espazio inklusiboek ikaskuntza, jolasa, mugimendua ahalbidetzen dute, bai eta berdintasunean eta dibertsitatearekiko errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzea ere.

Ildo horretan, eskola inklusiboa garatzeko Plan Markoak honako ardatz estrategiko hauek jasotzen ditu, planaren helburuak lortzeko: bizikidetza, gizarte kohesionatu baterako eskola askotariko baten ardatz egituratzaile gisa; eta jarduera estrukturalak, kultura, politika eta praktika inklusiboak sustatzeko eta garatzeko. «Baliabideen eta espazioen erabilera ekitatiboa sustatzea. Espazioen banaketak eta erabilerak eta hezkuntza-ingurunearen antolaketak ere zeregin garrantzitsua dute balioen eta arau sozialen transmisioan. Horregatik, beharrezkoa da espazioen eta baliabideen erabilera orekatua bermatzea».

Definizioz, "eskola-patio inklusiboa" deritzon lekuan, jarduerak eta espazioen banaketa harreman berdinzaleagoak eta horien erabilera ekitatiboagoa errazteko diseinatuta daude. Lortu nahi duguna da jolastoki horretan bizikidetza gailentzea, sexua, adina, sexu-orientazioa, gaitasunak eta generoaren espresioa edozein direla ere.

Espazio horien bidez, honako hau lortu nahi da hainbat arlotan:

  • Osasuna eta Ingurumenezko Hezkuntza: espazio naturalizatuagoak, hala nola aterpe klimatikoak, berdeagoak, itzaltsuagoak, naturarekiko kontaktua.
  • Inklusibotasuna: askotariko jarduera ludikoak eta sormenezkoak sustatzea, jolas libre eta partekaturako erronkak dituztenak, ikasle guztien parte-hartzea ahalbidetzeko.
  • Berdintasuna: harreman berdinzaleagoak sustatzea, jolasteko aukerak dibertsifikatuz eta gatazkak modu positiboan kudeatuz, neska-mutilen erantzunkidetasuna zainduz eta jolasa dibertsifikatuz.
  • Ikaskuntza soziala: eskola-denboraren barruan eta kanpoan komunitatea egiteko askotariko erabilera ludikoak ahalbidetzen dituzten espazio komunitarioak, auzo hezitzaileetako ekipamendu ireki gisa.

Lortu nahi diren emaitzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

Ikasleengan:

  • Eskolako jolastokiko espazioa ikasle guztiek okupa dezaten lortzea, genero femeninokoak eta inaktiboenak barne.
  • Jolasteko eta mugitzeko aukerak areagotzea eskolako patioa okupatzen den bitartean.
  • Jolastokiaren eraldaketa zerbait propio gisa sentitzean, ikasleengan kide izatearen eta ongizatearen sentimendua handitzea.
  • Ikasleen osasunean eta garapen kognitiboan onurak lortzea haien jarduera areagotzean.
  • Ikasleen garapen emozional onari laguntzea.

Ikastetxean:

  • Ikastetxeko jolastokiak berriz ere hezkuntza-leku gisa hartzea, patioa tresna pedagogiko gisa erabiliz.
  • Familiekiko harremanak indartzea.
  • Gatazka-egoerak murriztea.
  • Erabilera desberdinetarako leku egokiak sortzea.
  • Parte hartzea, jabetzea eta ingurunearekiko errespetua erraztea.
  • Biodibertsitate handiagoko eta dinamikoagoko espazioak modu jasangarrian sortzea, urtaroen zikloak eta ziklo naturalak behatzea ahalbidetuko dutenak.

Familietan:

  • Jolastokia eskola-orduetatik kanpo elkartzeko eta sozializatzeko leku erakargarritzat hartzea.
  • Eskola-orduetatik kanpoko erabilerak eta erabiltzaileak sustatzea.

Argazki galeria

1 2 3 4 5 6