partekatu
• EUSKAL ASTEA
Euskal dantza, musika eta jantziak Lasarte-Oriara hurbiltzeko lehen Euskal Astea antolatu du Erketzek
Irailaren 21etik 27ra izango da ekimena, Euskal Jaiaren inguruan: erakusketak, bisita gidatuak, hitzaldi bat, entsegu ireki bat eta dantza eta musika tradizionaleko jarduerak izango dira.
Erketz Euskal Dantzari Taldeak Euskal Astea antolatu du lehen aldiz, euskal kulturaren hainbat adierazpide herritarrei hurbiltzeko asmoz. Ekimena irailaren 21etik 27ra izango da, eta hilaren 26ko Euskal Jaia izango du ardatz.
Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakunek antolatutako Euskal Jaian Erketz eta herriko beste hainbat eragilek hartuko dute parte aurten ere. Oraingoan, dantza taldeak urrats bat gehiago eman eta ospakizuna aste osora zabaldu nahi izan du, euskal kulturaren ezagutza handiagoa bultzatzeko eta herritarrei parte hartzeko espazioak irekitzeko asmoz.
Euskara zinegotziak Erketzen ekimena eskertu du eta “urte osoan gure kultura bizirik mantentzeko eta transmititzeko egiten duten lana” nabarmendu du. Era berean, Euskal Asteak “Euskal Jaia egun bakarretik harago eramateko aukera ematen du, eta gure kulturara hurbiltzeko modu ezberdinak eskaintzen ditu, janzkera eta instrumentu tradizionaletatik hasi eta dantza bera arte”, azpimarratu du.
Bi erakusketa Merceron
Euskal Astearen zati handi bat Antonio Mercero aretoan izango da eta bertan bi erakusketa izango dira: bata euskal jantziei eskainitakoa, Errenteriako Jantziaren Zentroak prestatua eta bertan Iraultza Dantza Taldearen jantziak ere ikusi ahal izango dira; eta bestea, Oiartzungo Soinuenearen «Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan» erakusketa, euskal musika tradizionalean erabilitako tresnak ardatz dituena.
Irailaren 21ean irekiko dituzte bi erakusketak, 19:00etan.
Asteartean, hilak 22, 11:00etatik 12:30era, Soinueneak musika-tresnei buruzko bisita gidatua eskainiko du. Parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik, izen-abizenak eta telefono zenbakia kultura@lasarte-oria.eus helbidera bidaliz.
Astearte horretan bertan, 20:00etan, Okendo plazara eramango du entsegua Erketzek. Saio ireki honekin, taldeak bere ohiko lana erakutsi nahi du kalean, eta bereziki euskal dantza ezagutu, dantzan hasi edo taldean sartu nahi duten pertsonengana hurbildu nahi du.
Asteazkenean, hilak 23, 18:00etatik 20:00etara, Errenteriako Jantziaren Zentroko Ramon Garciak baserritarren janzkera tradizionalari buruzko hitzaldia eskainiko du. Saioa gaztelaniaz izango da, euskarazko itzulpenarekin, eta Iraultza Dantza Taldearen jantziak ere izango dira.
Erakusketak irailaren 21etik 27ra egongo dira zabalik Merceron. 21etik 26ra 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango dira, eta igandean, 27an, 11:00etatik 13:00etara egongo dira irekita.
Euskal Jaia, asteko puntu nagusia
Euskal Asteak irailaren 26an, larunbata, izango du egun nagusia, Euskal Jaiarekin batera. Euskal Jira 11:00etan hasiko da eta, arratsaldean, 18:00etan hasiko da erromeria.
Erketz Dantza Taldetik adin guztietako lasarteoriatarrak animatu nahi dituzte astean zehar antolatutako ekintzetara gerturatu, euskal kulturaren hainbat adierazpen gertutik ezagutu eta Euskal Jaian parte hartzera.