partekatu
• EUSKARAREN EGUNA
Bat, bi... ehun! Euskararen Nazioarteko Eguna 2024
Euskararen gero ehunduz.
Bat, eta bat, eta bat, eta beste bat... bi, gehi beste bat... gehiketa da gaigintza, txirikordan dabiltzan harien ehuna sortzen dugun bat eta bakar kolektiboak. Gaigintza da gehiketa kolektibo txirikordatua. Ehungintzaren artea. Ehundarron mugimendua. Ari eta ari, hariak gurutzatuz bidegurutzeetan. Ebakidura eta loturak hari fin edo lodien artean. Gorri, urdin edo zuriak... bat eta bakoitza bere-berea elkarri begira. Korapiloak, elkargune. Bakoitza nor berea, nortasun bat eta bakar. Hari sendo eta ahul. Hari zahar edo berri. Ez deusa bakarrik, eta osoa, batera. Ehun! Guztion artean ehuna!
Ehundegi bat gara, bakartasunak batuz, gurutzatu eta korapilatuz gabiltzan hari luze-laburren ehungile artisauak. Ixte zein irekitze. Korapilo, lotura eta askatzeak. Eskuaren tenkatze eta lasaialdiaren mugimendua gara. Euskararen ehundegia. Garen geroaren ehundegia.
Zaharra da euskararen ehundegia. Hariz hari, hariak eta hariak batuz ekinean aritu izan garen herritar eta euskaltzaleak iragana bezainbat gara oraina. Euskara dugunak bezainbat oraindik ez dutenak. Euskararen aldekotasunak hizkuntza ezberdinak ditu, hiztun mota ezberdinak gara, eta guztiok osatzen dugu euskararen ehuna. Mugimenduan gabiltzanon ehuna.
Euskararen aldeko ekinek ehunka egun eta urtetan iraun dute geldialdirik gabe bidegile eta bidelagun ekintzaileei esker. Euskararen hurrengotaratzearen katebegigileak izan dira. Ezinbestean, euskarak bidegileak behar izan dituelako. Bidelagun nekaezinak, kolektiboa. Ekintza eta taldetasuna osatu duten euskaltzaleak. Ametsa, jolasa eta saretzea egia bihurtu duten talde zein mugimendu eragileak gara ehundegi honetako protagonista nagusiak.
Bat, eta bat... eta beste bat... bi eta bi, eta beste bat. Baina bi edo bat, eta bat. Agian, beste bat. Edo, agian, bat eta erdi bat. Halere, euskarari emanak garen kolektiboaren marrazkia irteten den ehunean, ekina ahultzen ari da. Harien tenkatze eta lasatzea, mugimendua bakantzen sumatzen dugu mundu globalaren erritmoetan. Ezina. Ekinari eutsi eta eman ezina. Korapilo haundi samar bat ehunean kateatuta. Tenkatze lan minbera sortzen duena eskuetan. Multzoaren uztearen ondoriozko hustea. Hutsunea ageri da ehunean. Marrazkiaren zulo txikia. Gizartearen ardura kolektiboa besterentzen ari den unean, taldetasuna eta ekintzailetza gero eta urrunago suertatzen ari zaizkigu, eta ehunean bada zulo bat, bete ezin duguna. Eskua ekinera iristen ez den ez-leku hori agertzen da gure begietan.
Bai. Agertzen da hutsartea euskararen ehunean. Eta gabiltza ekinean hari-gurutzeak osatuz, korapiloak handitu eta lasaituz. Kolorez kolore. Ehundura osatuz. Ilaraz ilara, elkar gurutzatuz. Elkar sendotuz. Euskararen ehun zulatua eder bilakatuz, gertu zein urrutiko begiratuan. Zuloa, hari etena eta nahastura ere bagarelako. Euskararen ehundegian, baina, ekina da jarraipena. Ekina da artez bizirautea. Mugimendu soziala. Erakunde publiko, elkarte, langile eta etxekoak. Euskararen aldeko mugimendua gara. Euskarari emanak eta euskarari esker ekinean nor izan nahi dugunak. Euskararen ehundegia gara. Garen geroaren ehungailu etengabeak.
Euskararen egunean, ehungile garen erakunde publikoei eta gizarte eragileei eupada handi bat zor diegu. Geldialdiarik gabeko bidea da euskararen indarberritzearen bizitza, eta ekinean gabiltzanon ardura elkarren aitortza eginez, gure erronka berriei erantzuteko baldintza berriak sortzea.
Euskararen ehuntze ariketa guztion ardura da. Erakunde publikoona eta gizarte eragileona. Ekina ezinbestekoa da. Euskarak mugimendua behar du, bere-berea duen bizia mantendu eta geroz eta biziagoa izateko; euskararen distirak aniztasunetik guztiok zipriztindu gaitzan.
Euskara guztiona da. Hemen gauden eta etorriko diren guztiona. Irabaz dezagun elkarrekin euskararen bidea.
Informazioa: Lasarte-Oriako Udala