partekatu
• ATSOBAKAR EGOITZA
Atsobakar egoitza handitzeko lanen barruan, adinekoentzako 6 apartamentu tutelatu egingo dira
Gipuzkoako Foru Aldundiak Atsobakar egoitza handitzeko proiektua onetsi du, eta 57 plaza izatetik 108 izatera pasako da. Proiektuaren barruan, 6 apartamentu tutelatu sortuko dira, udalak kudeatuko dituenak.
Lasarte-Oriako alkatea, Agustín Valdivia, eta Zerbitzu Sozialetako zinegotzia, Lourdes Acevedo, pozik agertu ziren Atsobakar egoitza handitzeko proiektua onetsi delako. Izan ere, proiektua urteetako gestio etengabeen ondoren iritsi da.
Alkatea pozik agertu zen egoitza handitzeko lanengatik, 57 plaza izatetik 108 izatera pasako baita eta, horri esker, Lasarte-Oriako adinekoei plaza gehiago eskaini ahalko baitzaizkie, han ingresatzeko itxaronaldia murriztuz edo beren udalerritik kanpoko beste egoitza batera joan beharrik izan gabe.
Valdiviak, egokiera baliatuz, gogorarazi zuen obrak 10.314.858 euroko lizitazioa duela eta haren barruan sartzen dela 6 apartamentu tutelatu sortzea, bi instituzioen arteko negoziazioen ondorioz. Zorroari buruzko Dekretuaren arabera, apartamentu horiek udalak berak kudeatuko ditu. Lanak Europar Batasuneko Next-Generation funtsen % 100 finantzatzen du.
Azkenik, nabarmendu zuen egoitza handitzeak langile gehiago behar izatea dakarrela eta horrek lanpostu berriak sortuko dituela.
Zerbitzu Sozialetako zinegotzia pozik agertu zen Atsobakar egoitzaren handitzea azkenean gauzatuko dela ikusita, lasarteoriatarrek asko estimatzen duten ekipamendua baita.
Acevedok egoitza handitzearen balioa nabarmendu zuen, horri esker zerbitzu hori behar duten Lasarte-Oriako adinekoek aukera gehiago izango baitute beren udalerrian izateko. Funtsezkoa da pertsona horiek beren ingurunean bizitzen eta beren herriko bizitzaren parte izaten jarraitu ahal izatea.
Zinegotziak bereziki azpimarratu zuen apartamentu tutelatuen sorrera, adinekoentzat zerbitzu egokia baita eta udalaren eskumenekoa baita. Hainbat arrazoirengatik beren etxeetan bizitzen jarraitu ezin duten adinekoentzako 6 bizitoki sortuko dira. Etxebizitza indibidualak edo bikoitzak dira, zerbitzu komun batzuekin, eta pertsonarengan oinarritutako arreta-ereduaren arabera egiten da lan.
Azkenik, Acevedok lasaitu egin nahi izan zituen gaur egun Atsobakarren bizi direnak eta haien familiak, Udala arduratuko baita lanek ahalik eta eragozpen gutxien sor diezazkieten.