Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

BERTSIO OSOA

BERTSIO MUGIKORRA

PSE-EE LASARTE-ORIA

PSE-EE LASARTE-ORIA

BULETINAREN HARPIDETZA

 
 

BERRIAK

2018 MAI 18      KULTURA

OMENALDIA ANTONIO MERCERORI

Maiatzaren 23an, Antonio Merceroren obrari buruzko 4 eguneko ziklo bat abiatuko du Udalak. Ekitaldian izango dira haren alarguna eta seme-alabetako bi, eta gure herriko seme ospetsuenetako bati omenaldia egiteko unea izango da.

Jesus Zaballos alkateak, Maite Iglesias kulturako zinegotziak eta Xabier Goitia kulturetxeko gerenteak aurkeztu zuten Udalak Antonio Merceroren omenez antolatu duen zikloa, zinemaren eta telebistaren bitartez gure bizitzetan sartu ez ezik bizimodua atseginago egin zigun lasarteoriatarra omentzeko.

Zaballosek adierazi zuenez, zikloa asteazken 23an hasiko da, ekitaldi xume batekin, eta bertan izango direla baieztatu dute Isabel alargunak eta seme-alabetako bik (tartean Antonio, aitaren gisan zinemaren munduan diharduena). Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko kulturako diputatua ere han izango da. Ondoren, hauek proiektatuko dira: Nieves Herrerok Cita con la Vida programan Antonio Mercerori, egindako elkarrizketa, nazioartean ospetsua den La Cabina telefilma (harekin 1973an Emmy saria jaso zuen) eta 2006an Lasarte-Oriako baserriei buruz egindako Baserri Galdua dokumentala. Jose Ignazio Ansorenak egingo du obren aurkezpena.

Ostegunean, hilak 24, telebistarako lanen unea izango da. Haren lana ezagutzeko, hauek emango dira: Crónicas de un Pueblo telesaileko El amor y una manzana kapitulua, Verano Azul serie ospetsuko 18. kapitulua, Algo se muere en el alma, eta Farmacia de Guardia ezaguneko Así se hizo el último capítulo dokumentala.

Ostiral 25ean, lehendabizi, 1467. Nodoa (Misa Vasca) proiektatuko da, frankismoaren diktaduran filmatutako dokumental bitxi eta interesgarria, Lasarte-Oriako San Pedro elizan euskaraz egindako meza batena. Haren ondotik, 4ª Planta film saritua eta konprometitua proiektatuko da: ospitale batean minbiziz gaixo dauden haur batzuen bizitzaren begirada oso zaindua, tarteka sinpatikoa. Pelikularen sarrera Euskadiko Filmategiko zuzendari Jose Fernandezek egingo du.

Zikloa larunbat 26an amaituko da, Antonio Merceroren azken filmarekin: ¿Y tú quién eres?, Alzheimerrarekin diagnostikatutako gizon baten bizimodura hurbiltzen gaituena. 2007ko film hau bizi-testamentu moduko bat da, bi urte geroago Antonio Mercero bera Alzheimerrarekin diagnostikatuko baitute. Aldez aurretik, Históricos del Balompié serieko Real Sociedadi buruzko dokumentala proiektatuko da. Jesús Angulo, Antonio Merceroren biografoa, arduratuko da azken saioaren aurkezpenaz.

Alkateak eskerrak eman zizkien kulturetxeko langileei, Merceroren obra ezin hobeto laburbiltzen duen ziklo interesgarri hau hain denbora gutxian martxan jarri ahal izateko egindako ahaleginagatik. Lasarteoriatar zinemagile honek ondo merezitako Ohorezko Goya saria jaso zuen 2010ean, eta hartaz oso harro sentitzen gara herri honetan, jaio eta hazi zen honetan. Herri honen bizitza sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartu zuen; esate baterako, Santa Anako parodia mantentzen, boterearen parodia egitea batere erraza ez zen garai batean.

Zaballosek Antonio Merceroren lana nabarmendu zuen, bizitzarekin konprometitu baitzen 7. arte konplexu honetatik, zenbaitetan pantailan erakusteko errazak ez ziren gaiak eta pertsonaiak bilatuz, batzuetan aurreratua izan zelarik zenbait gai enfokatzeko eran, hala nola haurren minbizia, familiako harremanak edo Alzheimerra bera.

Azkenik, besarkada bero bat bidali zien Isabel alargunari, seme-alabei eta gainerako familiartekoei, Antonioz harro egoteko arrazoiak badituztela ziurtatuz. Zaballosek bereziki eskertu die hilaren 23an Mercerori eskainiko zaion omenaldira joateko hartu duten konpromisoa, egun hauek guztiontzat baitira tristeak, baina bereziki senitartekoentzat.

Ekitaldi guztiak Kulturetxeko auditorioan egingo dira, eta 18:30ean hasiko dira. Dohainik izango dira, eta gonbidapenak Kulturetxean jaso ahalko dira maiatzaren 21etik aurrera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean, edo leihatilan eguneko saioa hasi baino lehen.

Une honetan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren 50.000 euroko diru-laguntza bati esker, Antonio Mercero Museo Birtuala martxan jartzeko azken lanen lizitazioa prestatzen ari da Udala. Gune horretan, interesatuek zinemagile lasarteoriatarraren bizitza eta obra kontsultatu ahalko dute. Aldez aurretik, eta hainbat urtetan zehar, Udala haren obra osoa digitalizatuz eta egile-eskubideak bilduz joan da, museo birtual horren bitartez haren ondarea kontsultatu eta ikusi ahal izateko. Egindako lanaren orain arteko kostua 63.000 eurokoa izan da.

 

Iturria: Lasarte-Oriako Udala

DOKUMENTAZIOA

PSE-EE LASARTE-ORIA PSE-EE