Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

BERTSIO OSOA

BERTSIO MUGIKORRA

PSE-EE LASARTE-ORIA

PSE-EE LASARTE-ORIA

BULETINAREN HARPIDETZA

 
 

BERRIAK

2018 MAR 20      ZINEMA (H)ABIAN

ZINEMA (H)ABIAN

Alkateak harrera egin zien Cinema en curs – Zinema (h)abian programako arduradunei eta Oriarte Institutuko 22 ikasleei. Programaren helburuak esplikatu eta ikasleek bizitako esperientziak azaldu ondoren, haiek egindako hiru eszena erakutsi ziren.

Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak eta Maite Iglesias kulturako zinegotziak batzar-aretoan errezibitu zituzten Cinema en curs – Zinema (h)abian programako arduradunak eta Oriarte Institutuko ikasleak, zinemaren munduan sartzen dituen programa horretan parte hartzen dutenak.

Sarean egindako proiektu bat denez gero, udalak 1.900 euro ingururekin finantzatuko du ekainaren hasiera aldean parte-hartzaileek Bartzelonara egingo duten bidaia, María Espinalt institutuan egin asmo den topaketarako. Egindako lanak ekainaren 5ean proiektatzeko asmoa dago.

Tabakaleran programaren koordinatzailea den Lur Olaizolak Cinema en curs aurkeztu zuen. Haren ondotik, Mikel Gurrea zinema-zuzendariak hizketaldia hasi zuen ikastetxeko 22 ikasleekin. Parte-hartzezko hizketaldi horretan, proiektuaren barruko kontuen, egindako lanaren eta parte-hartzaileek bizitako esperientzia eta sentimenduen berri jakin ahal izan zen.

Programaren barruan sartzen da filmak ikustera ematea, haietan irudikatutako mezuak eta esanahia landuz. Ariketa praktiko moduan, ikasleek ekipamendu profesionalekin lan egiten dute hainbat taldetan, parte-hartzaile bakoitzak hainbat eginkizun hartuz: gidoilaria, kameraria, soinu-teknikaria... Lan horren emaitza gisa, parte-hartzaileek taldean lan egiten eta adostasunak bilatzen ikasten dute, bai halaber beren ingurunearen eta inguruko errealitatearen ezagueran sakontzen. Ibilbide horretan, bidelagun izango dituzte Amaia Begiristain eta Aitor Olano, Oriarte institutuko irakasleak.

Hizketaldiaren ondoren, ikasleek egindako hiru eszena proiektatu ziren, landu dituzten zinemagintzako alderdi eta parametro ezberdinen erakusgarri izan nahi dutenak. Amaieran, eta taldearen argazkia atera aurretik, Lur Olaizolak iragarri zuen parte-hartzaile guztien artean egindako film labur bat aurkeztuko dela ekainaren 19an Tabakaleran.

Cinema en Curs zinemako proiektu pedagogiko bat da, A Bao A Qu elkarte kulturalak sortua eta 2005-2006 ikasturteaz geroztik eskola eta institutuetan garatzen dena. Katalunian sortua, gaur egun proiektua lehen eta bigarren hezkuntzako zentro publikoetan garatzen da: Katalunian (23 zentro), Galizian (5 zentro), Madrilen (3 zentro), Berlinen (2 zentro), Brandenburgon (3 zentro) eta Txilen (7 zentro).

Cinema en Curs proiektuak bi helburu nagusi ditu: haurrek eta gazteek zinema arte moduan, sorkuntza moduan eta kultura moduan ulertua deskubri dezaten sustatzea. Eta zinemagintzak hezkuntzaren testuinguruan dituen ahalmen pedagogikoak garatzea.

Aurten, Tabakalera eta Elías Querejeta Zine Eskolaren eskutik eta A Bao A Qu elkartearen laguntzarekin, Zinema (h)abian ekimena sortu da. Zinema eta zinemagintza eskola-eremuan lantzea proposatzen duen eredua bere egin dute bi erakundeek, eta proiektua gure ingurura ekartzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartu dute.

Lehen urte honetan, Lasarte-Oriako Oriarte Institutuan garatuko da Zinema (h)abian. DBHko lehen mailako 23 ikaslek parte hartzen dute esperientzia honetan, eta Mikel Gurrea dute irakasle. Gurrea zinema-zuzendaria da, eta gaur egun bere lehen film luzea garatzen ari da; 2016an artista egoiliarra izan zen Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarlanean antolatzen duten Ikusmira Berriak programaren barruan.

Cinema en Curs proiektuak bi ardatz nagusi ditu. Alde batetik, haurrei eta gazteei zinema, bere horretan, sorkuntza edo arte gisa deskubritzeko aukera eskaintzea. Eskoletan ohikoa izaten da filmen proiekzioa baliabide bezala erabiltzea ikasgelan lantzen diren kontzeptuak ulertzen laguntzeko. A Bao A Qu elkarteak zinema bera, musika, pintura edo beste arteen modura, sorkuntzazko ariketa bat delako ideia transmititu beharra planteatzen du.

Horretarako, ikasturte osoan zehar zinema ikusteko eta egiteko aukera izango dute ikasleek. Aldi berean ikusleak eta zinemagileak izango dira. Bide horretan laguntzeko, irakasleez gain, zinemagintzaren munduko pertsona bat izango dute berekin. Zinema pasioz maite duen norbait, zinema egiten duen eta egunero bizi duen norbait arduratuko da esperientzia honetako parte-hartzaileei zinema zer den eta nola egiten den esplikatzeaz. Aurreko edizioetan, esate baterako, Carla Simón, Jonás Trueba, Ángel Santos edo Nely Reguera izan dira ekimenean parte hartu dutenak.

Bigarren ardatza zinemaren bidez egindako pedagogia da. Zinema norberaren bizipenak, ikuspuntuak, norberaren barne-mundua sortzeko eta azaltzeko bidea ere badelako ideia. Barne-unibertso horiei balioa aitortu nahi die programa honek. Zinemagintzan aritzea norberaren izaera eraikitzen laguntzeko baliabide gisa ulertzen da hemen, talde-lana eta gelakideen arteko harremanak sustatzen dituena eta adostasunak lortzearen garrantzia azpimarratzen duena. Zinemagintza beti da elkarlanean egindako prozesu baten emaitza, eta horrek hezkuntzan funtsezko baloreak lantzeko eta transmititzeko parada ematen du.

Cinema en Curs proiektuarekin bat egiten duen leku bakoitzak programa bere ingurunearen ezaugarrietara egokituta garatzen du, eta hainbat ekarpen egiten dizkio. Euskadiren kasuan, Gipuzkoan zehazki, Tabakaleraren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren arteko elkarlanetik sortutako aukerak asko dira. Helburuetako bat da ikasleek Tabakalera erakina berea balute bezala sentitzea, eta eskaintzen dituen guneak eta baliabideak erabiltzea eta gozatzea. Tabakalerako bitartekari-ekipoak ere proiektuarekin bat egingo du eta bere esperientzia eskainiko du, eta Aitor Gametxo zinemagilea arduratuko da Euskadin Zinema (h)abian koordinatzeaz eta Cinema en Curs proiektuarekin zubi-lana egiteaz.

 

Iturria: Lasarte-Oriako Udala

 

PSE-EE LASARTE-ORIA PSE-EE